Aurreko ariketan bezala LED bat piztuko dugu zirkuitu elektriko bat osatuz, baina kasu honetan LEDa Arduinora zuzenean konektatu ordez prototipo plaka bat eta ar-ar kableak erabiliko ditugu zirkuitua osatzeko.
Prototipo plaka
Prototipo plaka soldadura beharrik gabe zirkuitu elektrikoak modu errazean osatzeko erabiltzen da. Izenak dioen bezala oso egokia da zirkuitu elektrikoen prototipoak egiteko, konexioak aldatuz probak erraz egin baitaitezke.
Tamaina eta itxura desberdinetako prototipo plaka daude baina guztiek egitura bera izaten dute. Prototipo plakaren zuloak elkarren artean konektatuta egoten dira zutabe eta errenkadetan.
Kableak
Arduino eta prototipo plakekin lan egitean kable berezi batzuk erabiltzen dira. Kable hauekin konexioak egitea oso erraza da.
Bi muturretan dituzten konexioen arabera 3 kable mota daude:
• Ar-ar kableak
• Ar-eme kableak
• Eme-eme kableak
LED bat hartu. Bere hanka luzea (anodoa) 3V3 konexiotik datorren kablearen errenkada berdineko edozein zulotan konektatu. Berdin dio zein zulotan konektatzen den, errenkada bakoitzeko zulo guztiak elkarren artean konektatuta baitaude. LEDaren hanka laburra hurrengo errenkadan konektatu, ez errenkada berean.
Beste kable ar-ar bat hartu eta mutur bat LEDaren hanka laburraren errenkada berdineko zulo batean konektatu. Ondoren, beste muturra Arduinoaren GND konexioan konektatuko dugu. Une horretan zirkuitua itxiko da eta LEDa piztuko da.
Argindarra Arduinoaren 3V3 konexiotik ateratzen da. Kabletik eta prototipo plakatik zehar igaro ondoren LEDaren hanka luzera iristen da. Pauso hori ulertzeko, gogoratu errenkada bereko zulo guztiak elkarren artean konektatuta daudela plaka barruan. Ondoren, elektrizitatea LEDaren burutik igarotzen da, argia piztuz. Gero hanka laburrean zehar prototipo plakaren beste errenkadara igarotzen da eta bigarren kabletik Arduinoaren GND (lurra) konexiora iristean zirkuitua ixten da.
IAMETZAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.
ZIRKUITU IBILBIDEA 2 - 1. PABILOIA
LASARTE-ORIA (GIPUZKOA)
T (+34) 943 376 716