Apika

Petalo bakoitiak handiagoak dituzten loreak

Ariketa honetan aldagaiak eta baldintzak erabiltzen ikasiko dugu.

Aldagaiak balio bat (zenbaki bat, testu-kate bat…) gordetzen duten bloke bereziak dira. Programazioko aldagaiak ez dira matematikako aldagaiak bezalakoak, aldagai batean gordetako balioa aldatu dezakegu. Balio bat gordetzen duten „kaxa“ modukoak dira. Programa batean nahi adina aldagai erabili ditzakegu.

Snap!-en bi motatako aldagaiak daude:
    • Objektu guztientzat direnak. Objektu guztiek partekatutako balio globalak partekatzeko erabil daitezke.
    • Objektu jakin batentzat direnak. Gainerako objektuek ez dituzte mota honetako aldagaiak ikusiko. Objektu bakoitzak balio propio bereziak gordetzeko erabili daitezke.

Lorearen zenbagarren petaloa marrazten ari garen jakiteko aldagai bat erabiliko dugu. Aldagai horri hasieran 1 balioa emango diogu, lehen petalotik hasiko baikara. Petaloak marraztean aldagaiaren balioa eguneratuko dugu, daukan balioa gehi bat. Begiztako bira bakoitzean baldintza bat aplikatuko dugu: uneko petaloaren balioa bakoitia bada handiago marraztuko dugu, bestela txikiago.

Urratsak

  • 2

    „Aldagaiak“ kategoriako „Sortu aldagaia“ botoia sakatu.

  • 3

    Aldagaiari izen bat jarriko diogu, adibidez, „zenbagarrena“. Aldagaien izenak gordetzen duten balioaren adierazgarriak izatea komeni da. Orokorrean i edo n bezalako izenak saihestea gomendatzen da.

    Kasu honetan pertsonaia bakarra dugunez ez du garrantzirik, baina zenbagarren petaloa den pertsonaia honen balio propio bat denez, „Objektu honentzat bakarrik“ aukera hautatuko dugu.

  • 4

    „Sortu aldagaia“ botoiaren azpian, aldagaiari eman diogun izena duen bloke berri bat agertuko zaigu.

  • 5

    Eszenatokian aldagaiaren uneko balioa erakusten duen markagailu bat agertuko zaigu.

  • 6

    Begiztaren aurretik aldagaiari hasierako balio bat emango diogu. Lehen petalotik hasiko garenez, petaloak marrazten dituen begiztaren aurretik 1 balioa emango diogu „Aldagaiak“ kategoriako „ezarri aldagaia 0“ blokea erabiliz. Blokea bere kokapenean jarri ondoren zeroren ordez bat jarriko dugu. Loreen petaloak marrazten dituen begiztatik kanpo dagoenez lore bakoitza marraztu aurretik 1 balioa hartuko du berriz.

  • 7

    Petaloak zigilatu aurretik tamaina handitu behar diegu bakoitiak badira. Horretarako, petalo bakoiti eta bikoitiak bereizteko modua aurkitu behar dugu.
    „Kontrola“ kategoriako „baldin bestela“ bloke bat erabiliko dugu. Bere hexagono itxurako zuloan nahi dugun baldintza txertatu dezakegu. Baldintza hori betetzen bada bere barneko blokeak exekutatuko ditu, betetzen ez bada, „bestela“ atalaren barnean daudenak.

  • 8

    Petaloa parea den ala ez jakiteko „Eragiketak“ kategoriako „berdin“ eta  „modulu“ blokeak erabiliko ditugu.

        

    „modulu“ blokeak bi hutsune ditu. Lehenengoan jarritako zenbakia bigarrenean jarritakoarekin zatitzean den hondarra itzultzen du. Adibide bezala, hutsuneetan zenbaki batzuk jarriko dugu proba egiteko. Blokean klik egitean lehena modulu bigarrena eragiketaren emaitza itzuliko du eta bunbuilo batean agertuko zaigu:

    Zenbaki bakoiti bat (1, 3, 5…) 2rekin zatitzean hondarra 1 da. Zenbaki bikoitiak (2, 4, 6...) 2rekin zatitzean aldiz hondarra 0 da. Horixe da zenbaki bikoitiak eta bakoitiak bereizteko erabiliko dugun baldintza.

  • 9

    “berdin” blokeak ere bi hutsune ditu. Biek balio bera badute, egia balioa itzultzen du, bestela gezurra.

    “modulu” blokea “berdin” blokearen ezkerreko hutsunean jarriko dugu eta eskuinekoan 1 balioa. “modulu” blokeak itzultzen duena 1 bada “berdin” blokearen baldintza beteko da eta egia itzuliko du, bestela gezurra. Modu honetan zenbaki bikoitiak eta bakoitiak identifikatu ditzakegu.

    Bi bloke hauek konbinatuz gure baldintza eraiki dezakegu:

  • 10

    “modulu” blokearen ezkerreko hutsunean “zenbagarrena” aldagaia jartzea besterik ez zaigu falta gure baldintza prest edukitzeko. Horretarako, “Aldagaiak” kategoriatik arrastatu eta jaregingo dugu.

  • 11

    “zenbagarrena” aldagaian dagoen balioa bakoitia bada, bere modulua zero izango da eta baldintza beteko da. Ondorioz, “baldin” tartearen barruan dauden blokeak exekutatuko dira. “zenbagarrena” aldagaiaren balioa bakoitia bada berriz, baldintza ez da beteko, eta “bestela” tarteko blokeak exekutatuko dira.
    Petalo bakoitien petaloak handiagotzeko “Itxura” kategoriako “aldatu tamaina 10” erabiliko dugu. Petalo bikoitietan “aldatu tamaina -10” erabiliko dugu jatorrizko tamainara itzultzeko.

  • 12

    Baldintza bloke hau programako zigilatu blokearen aurretik txertatuko dugu. Tamaina 20 unitate handiagotu eta txikiagotuko dugu, efektua nabarmenagoa izan dadin.

  • 13

    Bandera sakatzen badugu, gero eta lore handiagoak marrazten dituela ikusiko dugu. Aldagaiaren balioa beti 1 delako gertatzen da hori, “bestela” tarteko kodea ez da inoiz exekutatzen. Ikusi zenbagarrena aldagaiaren balioaren markagailua:

  • 14

    Aurrera jarraitu aurretik, petaloaren tamaina ezarriko dugu,  orain oso handia baita. Horretarako, “Itxura” kategoriako “aldatu tamaina” blokea erabiliko dugu. Petaloaren tamaina zein den ikusteko “Itxura” kategoriako “tamaina” aldagai berezia erabiliko dugu. Bere kontrol-laukia hautatuta baldin badago, eszenatokian “Petaloa tamaina” aldagaia agertuko zaigula ikusiko dugu.

     

  • 15

    “aldatu tamaina” blokean balio negatiboak jarri eta klik egingo dugu, petaloaren tamaina aldagaiaren balioa nahi dugun balioan jarri arte, adibidez, 50.

  • 16

    Azken pausoa falta zaigulako gertatzen da hori. Zigilatu ondoren, “zenbagarrena” aldagaiaren balioari bat gehitu behar diogu. Horretarako “Aldagaiak” kategoriako “aldatu zenbagarrena 1 unitate” blokea erabiliko dugu.

  • 17

    Honela geratzen da programa osoa:

  • 18

    Bandera sakatzean petalo txiki eta handiak txandakatuta dituzten loreak agertuko zaizkigu :)

    Tutorialaren iturburu-kodea: https://snap.berkeley.edu/project?user=iametza&project=Loreen%20tutoriala

Licencia Creative Commons

IAMETZAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

IAMETZA INTERAKTIBOA

ZIRKUITU IBILBIDEA 2 - 1. PABILOIA
LASARTE-ORIA (GIPUZKOA)
T (+34) 943 376 716